Iñaki Narbaizak eta Unai Etxeberriak irabazi dute V. Lea-Artibai Rallya 

Iñaki Narbaizak eta Unai Etxeberriak irabazi dute V. Lea-Artibai Rallya. Eibartarrak lehen egunetik jarri ziren sailkapenaren goiko aldean, eta bertan mantentzea lortu dute. Eskualdekoak izan dira podiumaren gorengo beste postu bietan geratu direnak: Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga Etxebarriko pilotua eta Markina-Xemeingo kopilotua, eta Arkaitz eta Oihane Uranga neba-arreba markina-xemeindarrak.

Zapatu arratsaldean ibili ziren gusturen Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga. Trabakuan zehar eta Eibar eta Etxebarria artean, batez ere, kontatu zutenez. Bigarren postua lortzeko giltza, Ispasterko tartean egon zela aitatu zuten. «Besteek sikuan ibiltzeko gurpilekin irten dute eta guk buztian ibiltzeko gurpilak jartzeko aukera izan dugu», zehaztu zuen Pagoagak. Aldean eraman zituzten gurpilak eta denbora izan zuten muntatzeko.
Horren ondo ibiliko zirenik ez zuen espero Garikoitz Lopez pilotuak. «Berez gu ez ginen aurrean geratzeko faboritoak, baina, auto askok utzi behar izan dute rallya. Tarte oso konplexuak egon dira eta 100 kilometro baino gehiagoko tarte kronometratua duen rally batean askok uztea normala da», gaineratu zuen Pagoagak.
Lau segundoko aldea zuten Urangagaz eta dena eman zuten Lopezek eta Pagoagak, arriskatu egin zuten. Abiadura palankagaz eduki zituzten arazo batzuk, eta horren beldurragaz ere egon ziren. «Baina amaitzea lortu dugu eta gustura».
Lehenengo rallya Arkaitz Urangarentzat
Kastinparro taldekoentzat bosgarren rallya zen aurtengoa. Arkaitz Urangak, berriz, lehenengo bidar hartu du parte Lea-Artibai Rallyan, eta Oihane Urangarentzat bigarren urtea izan da. Joan den urtean, lagun batekin hartu zuela parte azaldu zuen kopilotu markina-xemeindarrak, eta aurten, bere nebagaz parte hartzeak ilusio handia egiten ziola nabarmendu zuen.
Neba-arrebak ondo konpondu ziren asfalto gainean. «Lurgaineko lasterketa batzuk egin ditugu elkarregaz, baina, bost urtetan ez dut asfaltoko lasterketarik egin», azaldu zuen Arkaitz Urangak.
Rallya polita eta gaitza iruditu zitzaion Arkaitz Urangari. «Auto asko eta erretiratu asko egon dira, eta eguraldiak eragin handia izan du tarteetan, gurpilak ondo aukeratzea ezinbestekoa izan da eta aukeraketan akats batzuk izan ditugu».
Autoa ez zuten eurena eta beraz, ez zuten asko arriskatu. Hala ere, azken tarte bietan euren gustua atera ziotela aitortu zuten. «Nahi besteko erritmoa ez dugu eraman baina, gustura geratu gara».
50 auto lehiaketatik kanpo
Borroka bizia egon da lehen postuetan, baina, aurreko norgehiagokan ibili diren parte hartzaileetako askok lasterketa utzi egin behar izan dute, matxura edo kolpeen ondorioz. Lasterketatik kanpo geratu dira besteak beste Txus Jaio eta Jesus Urkidi. Markina-xemeindarrek rally bikaina burutu dute hiru tartetan nagusi izan direlarik, baina, azkenaurreko tartean, autoagaz izandako arazo batek norgehiagokatik kanpo utzi ditu.
Lehiatik kanpo geratu dira bai eta Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola, Aitor Saizar eta Aitzol Lejardi eta Joseba Beola eta Jose Luis Iratzoki ere. Izan ere, asko izan dira lasterketatik kanpo geratu diren parte hartzaileak, 50 hain zuzen.
Lea-Artibaiko ordezkari askok ere, ez dute zorte gehiegirik izan. Xabat Arratek eta Kaiet Bereziartuak, Edu Gartzia pilotu ondarrutarrak, Jose Jabier Aginaga pilotu markina-xemeindarrak eta Ander Txakartegik eta Alex Maguregik beste batzuren artean, utzi behar izan dute rallya.
Lasterketa luze eta gogorra dela nabarmendu dute parte hartzaileek baina, aldi berean oso polita dela azpimarratu dute. “Euskal Herrian dagoen proba onenetakoa da”.
Antolatzaileak ere pozik eta esker oneko egon dira. “Sekula ez zaigu laguntzarik falta izaten; ia 300 boluntario izan ditugu aurten ere eta asko eskertzen diegu ematen duten laguntasuna”, adierazi dute Kastinparro Racing taldekoek.
Eguraldiaren menpe
Urtero modura, ikusmin handia eragin du Kastinparro Racing taldeak antolatu duen probak. Autoak zein parte hartzaileak ikusteko aukera paregabea eman du Etxebarriko asistentzia guneak. Gainera, handik hurre, Kastinparro Racingekoek prestatu zuten jauzi bereziak ikusle asko erakarri zituen. Launik inguruan egon zen tarte berezian jauziak eta motor hotsa izan ziren nagusi.
Aurkezpena, barikuan. 72 autok hasi dute aurten Lea-Artibaiko bosgarren rallya izan dena.
Banan-banan igaro ziren barikuan [apirilak 22], auto guztiak, Zelaian jarri zuten podiumetik. Euskal Herrikoez gain, asko izan dira aurten ere, inguruetatik etorritako parte hartzaileak, Asturias edo Kantabriatik, besteak beste.
Lea-Artibaiko pilotu eta kopilotuak ere egon dira norgehiagokan; 12 autotan egon dira bertakoak, hain zuzen.
Aurten parte hartzen duten emakumeen kopurua ere nabarmentzekoa izan da. Emakume asko ibili dira kopilotu lanak egiten.
Istripu bat ere egon zen lehen etapako bigarren tartean, Aginaga eta Etxebarria artean, eta ondorioz, lasterketa geldirik egon zen.

Albistea: www.lea-artibaietamutriku.hitza.eus